2014

2014

2011/05/20

Euskararen alde 'Boga!' egiteko deia hemen da: Ibilaldia




Bizkaiko ikastolen jaia hilaren 29an izango da, Ondarroan; aurten, eskulangileak omenduko dituzte

Ibai Maruri Bilbo

Astebete pasatxo falta da Ondarroan aurten Bizkaiko ikastolen festa ospatzeko, eta herriko Zubi Zaharra eta Lekeitioko Resurreccion Maria Azkue ikastolek eurekin batera Boga! egitera joateko deia plazaratu diete euskaltzaleei. Hain zuzen ere, leloari berebiziko indarra eman diote, eta horregatik ez dute irudirik sortu. «Aurrera jo esan nahi dugu Boga!-rekin. Aurrera, indarrarekin. Guztiok batera, Boga! euskararen alde, gure proiektua ezagutarazteko, Boga! ikastola eredua indarberritzeko, Boga! gure seme-alabengatik», azaldu du Elias Etxaburuk, Zubi Zaharra ikastolako zuzendariak. 33. Ibilaldia maiatzaren 29an izango da, eta Boga! egitera doazenentzako egitaraua prest dago.

Ohi bezala, ikastolan bertan hasiko da eguna, Ibilaldiaren inaugurazio ekitaldiarekin. Hortik aurrera bost gunek osatutako 5,4 kilometroko ibilbidea milaka lagun jasotzeko prest egongo da. Arreta familiengan jarri dute egitaraua osatzeko, eta bigarren gunea, kasurako, umeentzako prestatu dute beren-beregi. Alleri Barrian egongo da, eta Bixikan jarri diote izena. Han izango dute karpa Irrien Lagunek, besteak beste. «Familientzako jokoak izango dira egun osoan», azaldu du Amaia Gutierrez Ibilaldiaren komunikazio arduradunak. 3. eta 4. guneetan, Dzingan eta Dzangan izenekoetan, gazteentzako kontzertuak izango dira. Zea Mays eta Des-Kontrolek joko dute aurrenekoan; Lain, Esne Beltza eta Ze Esatek taldeek bigarrenean.

Beste guneetan ere izango dira kontzertuak. Ikastolan, Pantxoa eta Peio ariko dira kantuan. Musika plazan eta Alameda inguruan, berriz, Nahixan, Gose eta Oihan Vega DJa igoko dira agertokira.

Aurtengo Ibilaldiak ere omendua izango du. Honakoan eskulangintzari aipamen berezia egitea erabaki dute, eta hainbat izango dira Euskal Herriko eskulangileen ordezkari gisa joango direnak: Arbaso elkartea, Bittori Laka, Karmelo Urdangarin, Julen Barrenetxea, Jose Ulibarreta eta Sustrai elkartea, besteak beste. Kalare Deuna kofradiako salmenta gunean egingo dute ekitaldia.

Parte hartzea abiapuntu

Antolatzaileek gogoratu dute ikastolen heziketa eredua «euskalduna baina eleaniztuna, askotarikoa, integratzailea eta parte hartzailea» izan dela betidanik. Eta Gutierrezek, aurtengo Ibilaldiaren ezaugarri berezi bat aipatzeko, horietako bat aukeratu du: «Iazko maiatzean, Ondarroak Ibilaldia antolatzeko lekukoa hartu zuenean, parte hartzailea izango zela azpimarratu genuen. Baina ez egunean bertan bakarrik. Urte osoan mantentzen saiatu garen ezaugarria izan da. Horren adibidea, bideoklipean. Herri osoak parte hartu zuen filmaketan».

No comments:

Post a Comment