Urte
bete inguru emango duzue Asia bizikletaz ezagutzen. Alabaina, bidaia
hau 2002ko abuztuan gauzatzen hasi zela diozue zuen blogean, orduan
Kubara egin baitzenuten bidaia. Nola sortu zitzaizuen, bada, mundua
bizikleta gainean ezagutzeko grina?
Bidaiatzen
hasi ginenean Gasteizen unibertsitatean Shee-Ivef ikasten nengoen
(Koldo) eta bertan sortutako lagun taldetik batzuk bizikletaz elkarrekin
bidaiatzeri ekin genion. Gauzak gehiegi pentsatu gabe egin genituen
hasiera hartan. Baten bati bururatu zitzaion, bururatu eta egin. Gerora
eginiko bidaia bakoitzak bizikletaz bidaiatzeko grina areagotu besterik
ez dute egin.
Ondoren etorri ziren Guatemala, Laos, Sulawesi, Tanzania, Kirgizistan, Mozambike eta Sri Lanka bezalako herrialdeak. Orain egiten ari zareten bidaiarako entrenamendu, akaso?
Aurretik
eginiko bidaia guztietan, pixkanaka, urtez urte, gaur egun egiten ari
garen urte beteko bidaia gauzatzen joan dela uste dugu. Aurretik egin
ditugun bidaiak ez bagenituen egin, ziur gaude gaur egun ez ginatekeela
hemen egongo. Bidaia hau beste guztien jarraipen bat da.
Zein da orain arte egin duzuen ibilbidea…
Zer da orain arte bidean topatu duzuena?
Gauza
asko topatu ditugu, nola ez. Lehenengo gauza jendea. Egon garen toki
guztietan oso jende atsegina, irekia eta interes handikoa topatu dugu.
Hurbildu zaizkigun gehienetan guri buruz jakin nahi izan dute, nongoak
garen, zertan gabiltzan, zein iritzi dugun beraien herrialdeaz… asko
gustatzen zaigu herrialde bat ezagutzera joan eta beraiek gu ezagutzeko
gogoak dituztela ikustea, jasotzeaz gain zer edo zer ematen ari garela
sentitzen dugu.
Bigarren
gauza natura. Mota guzietako paisaiak eta txokoak zeharkatu ditugu
bizikletaz eta asko gozatzen ari gara. Mendate garaietatik lautada
amaigabeetara, mendi elurtuetatik oihan berdeetara, ibaiak, landak,
kontraste asko eta aberastasun ugari.
Eta
azkenik lagunak. Bidaiatzen duzunean zu bezala bidaiatzen ari den jende
asko ezagutzen duzu eta batzuekin harreman berezia sortzen da. Elkarren
arteko konexioa dago eta hasierako harreman hori luzatu egiten da
internetez, beste herrialde edo toki baterako hitzordua eginez…Orain
adibidez Dave eta Mireiaren etxean gaude Bangkoken. Beraiek hemen daude
lanean eta primeran hartu gaituzte beren etxean. Lagun asko egin ditugu.
Nola moldatzen zarete jateko, lo egiteko, komunikatzeko…

Berdina
gertatzen da lo egiteko tokiekin. Toki askotan inolako erosotasunik
gabeko geletan lo egin behar dugu. Gela zikinak, komunak kiratsarekin,
ur hotza… baina kanpin denda gainean daramagu beti. Eta komunikatzeko
ingelesarekin konpontzen gara batzuetan, bertako herrialdeko hitz
gutxirekin bestetan eta keinuekin gehienetan. Gogoa baldin badago
azkenean komunikazioa lortzen da.
Bizikletaz bidaiatzearena nolakoa da? Hau da, ez da erraza izango klima horiekin pedalei eragitea edota herrialde horietako errepideak zeharkatzea, ezta?
Bizikletak
herrialdea gertutik den bezala ezagutzeko aukera ematen dizu, onerako
eta txarrerako. Herrialde beroa bada bero hori bizikleta gainean
pairatzen duzu. Maldatsua baldin bada maldan gora jo eta su ibiliko zara
eta maldan behera gozatuz. Herrialdea txiroa bada zure larrutan biziko
duzu txirotasuna, janarian, lotarako tokitan... Herrialdean errepide
onak baldin badira primeran eta txarrak baldin badira... herrialdea
benetan nolakoa den ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dizu
bizikletak. Hori bai, prestatuak dauden tokiek duten erosotasunik ere ez
duzu aurkituko.
Zaila bada ere, zein izan da orain arte gehien hunkitu zaituzten lekua?
Gehien
hunkitu gaituen tokietako bat Ladakh ingurua da, Indiako iparraldean.
Lehtik Manalirako bidean 5.000m inguruko lau mendate pasa behar dituzu
eta hauek pasatzen dituzunean sentitzen duzun pozak benetan hunkitu
gintuen. Baralacha La mendatea gogoan dugu bereziki, Himalaya mendikatea
gurutzatu genuen eta inguruko edertasunak, mendi erraldoi elurtuak,
horra bizikletaz iritsi zarela pentsatzeak… izugarria izan zen.
Egia
esan momentu txarrak ere badaude, baina horiek azkar ahazten dira
zorionez. Bidaiaren hasieran, biok elkartu eta bizikletaz hiru egun egin
genituenean diarreak jota pasa genituen bi egun. Sukarra, beherakoa…
momentu horietan etxera bueltatzeko gogo izugarria sartzen zaizu baina
osatzen zaren heinean berriz ere aurrera egiteko gogoa gailentzen da.
Asko eta anitzak dira ezagutu dituzuen herrialdeak, baina elkarren arteko ezaugarririk sumatu al dituzue?
Antzekotasun
asko daude. Guk askotan pentsatzen dugu gu bezala bizi dela jende
gehiena eta gutxi batzuk oinarrizkoenarekin bakarrik bizi direla, baina
kontua ez da horrela. Jende gehiena oinarrizkoenarekin bizi da eta gutxi
batzuk bizi gara oparotasunean. Herrialde gehienetan, adibidez,
gehiengo zabala nekazaria da, soro eta landetan lan egiten du. Toki
askotan aisialdirik, guk ezagutzen dugun bezala, ez dago. Dendan,
jatetxean, soroan ematen dute egun osoa goizetik gauera astelehenetik
igandera. Herrialde askotan egunero arroza daukate gosaltzeko,
bazkaltzeko eta afaltzeko. Zaharrekiko begiruneak ere ez du zer
ikusirik. Toki gehienetan zaharrak asko zaindu eta errespetatzen
dituzte, gure gizartean ordea…
Mundua bi gurpilen gainean ezagutzeak ikuspegi ezberdina ematen al du?
Baietz
uste dugu. Bizikletaz bidaiatzeak toki turistiko eta ezagunetatik at
ibiltzeko aukera ematen dizu eta horretara behartzen zaitu. Autobusez
egun batean egiten duzuna bizikletaz hiru, lau edo auskalo zenbat
egunean egin behar duzun. Horrek gida-liburuetatik kanpo dauden hainbat
eta hainbat herri eta txokotan geratzea behartzen zaitu, gehienetan
beste atzerritarrik eta turistarik geratzen ez diren tokiak. Toki horiek
turismoaren eraginpetik kanpo herrialdea benetan nolako den hobe ikus
dezakezu.
Honekin
guztiarekin lotuta askatasuna dago. Guk nahi bezala antolatzen duzu
bidaia, beste inolako garraioren menpe egon gabe. Autobusez edo trenez
ezin zara edozein momentutan geratu argazkia ateratzera, nekazariarekin
hitz egitera, haur bat agurtzera...
Lagunak
ezinbestekoak dira eta asko bultzatu gaituzte. Gasteizen bizikletaz
bidaiatzen duen jendea badago eta gure kasuan, Ruben, Aurora, Iñigo eta
Aitor garrantzitsuak izan dira, jarraitu ditugun ereduak. Asko animatu
eta lagundu gaituzte.
Gero
eta gehiago dira bidaiatzeko bizikleta erabiltzen duten pertsonak; zuek
bezalako bidari asko topatu al dituzue bidean? Eta bertakoek, berriz,
zer jarrera izaten dute?
Bai,
bizikletaz bidaiatzen jende dezente topatu dugu. Suitzarrak, katalanak,
poloniarrak, txekiarrak, greziarrak, holandesak, alemaniarrak…
Jendearen
harrera ere beroagoa dela esango genuke. Herrixka batetara izerditan
eta zikin iristea edo auto edo autobusetik jaisten iristea oso
desberdina da. Jendeak baloratu egiten du egiten ari zaren esfortzua.
Askotan harritu egiten dira, jakin-mina pizten zaie eta galdezka hasten
zaizkizu.
Horrelako abentura bizi ostean, mundua ikusteko ikuspegia zertxobait aldatuko da, ezta?
Egin
ditugun bidaia guztien ostean munduarekiko ikuspegia zabaldu egin da.
Mundua geroz eta handiago egin den heinean gu are eta txikiagoak egin
gara. Dauzkagun hainbat eta hainbat gauza, ezinbestekotzat ditugunak
hain garrantzitsuak ez direla ikusi dugu. Arazoak erlatibizatzen,
eguneroko gauza txikiak baloratzen. Asko aberastu gaitu bidaia bakoitzak
eta garen bezalakoak izaten lagundu.
Printzipioz
abuztuan bueltatuko gara Euskal Herrira baina batek daki kar, kar, kar
batzuetan luzatzeko gogoak sentitzen ditugu, baina han asko maite dugun
jende asko dago eta horrek pisu handia dauka. Ikusiko da.
Koldo eta Ainhoaren bidaia jarraitzeko Mundua Bizikletaz bloga
No comments:
Post a Comment