Egilea
Hirinet
2013ko urtarrilak 28,Astelehena
Basotxo elkarteak, Emeki proiektuaren eskutik, proposamen bikoitza dakar otsailean. Batetik, ‘Umeen sexualitatetik geure sexualitatera’ ikastaroa, otsailaren 3an, eta bestetik, ‘Samurtasun Tailerra Zure sexualitatera hurbilpena’, otsailaren 16an eta 17an. Gasteiztik oso gertu (Monasterioguren) izango da, euskaraz eta gaian adituak diren Aingeru
Mayor eta Olatz Marcos sexologoekin. Bi ekintza hauetan jorratuko diren
gaiei hurbilpena egin nahian, Emeki proiektua osatzen duen bikote
honekin solas egin du Hirinetek.
Zer aurkituko dute parte-hartzaileek Gasteizera ekarriko dituzuen bi proposamen hauetan?
Ikastaroa
proposamen teoriko bat da ulertzen saiatzeko umeen sexualitatearen
garapena, elkarrekin hausnartzeko gurasoek umeen sexualitatearen aurrean
nola joka dezakegun eta jabetzeko horretan zein garrantzitsua den guk
nola bizi dugun gure sexualitatea eta gure erotika. Gurasook askotan
umeen sexualitateaz kezkatzen gara, eta agian zentzudunagoa litzateke
geure sexualitateaz arduratzea.Samurtasun-tailerra,
berriz, bizipenetan oinarritutako proposamen bat da, hazkunde
pertsonalerako, hazkunde erotikorako laborategia. Bertan norberaren
sexualitatearen esploraziorako aukera ematen dugu, samurtasunaren
bizipenean sakonduz.