Dakizuen bezala, Herri Urratsen XXX. ekitaldia ospatuko dugu igande honetan Senpereko aintziran. Hogeita abar urte
du lelotzat aurtengo ekitaldiak; hogeita hamargarren Herri Urratsa, 30
ikastola, 3.000 haur, eta aurten ateak zabaldu zituela hogeita hamar
urte egingo dituen Xalbador kolegioa eraberritzeko xedearekin; Etxe zaharretik amets berria, alegia.
Beste Herri Urrats bat, bai, eta, berriro ere,
Senperen. Leku paregabea izateaz gain, jendetza batzeko eta bertaratzeko
gune ezin egokiagoa delako. Jaia hobetzeko urtero egiten den ahaleginak
emaitzak izaten ditu, eta oraingoa ere berrikuntza askorekin dator. Bat nabarmentzekotan, haurren guneak hobetu eta gehitu dituzte.
Ohiko musika eta kantu jaialdiez gain, dantzak hartuko du protagonismoa aurten, zazpi herrialdeetako dantza taldeen eskutik.
Ingurumena zaintzeko konpromisoari eutsiz, birziklatzea eta berrerabiltzea bultzatuko dute;
konpromisoari sendo eutsi diote antolaketa lanetan ibiliko direnek
eurek sortutako hondakinak behar bezala kudeatzeko, eta gauza bera egin
dezaten animatuko dituzte bertaratzen diren guztiak.
Joan den astean eginiko aurkezpenean, Seaska dei berezia egin zuen Hego Euskal Herriko herritarrak Senperera joan daitezen.
Izan ere, azken urteetan Senperen biltzen diren herritarren joera
aldatu egin da. Hastapeneko urteetan lakuaren inguruan biltzen ziren
herritar gehienak Hegoaldetik joanak baziren, azken urteetan Iparraldeko
herritarrak dira hurbiltzen diren gehienak. “Behar gorrietan gara, eta jende guztiaren, Ipar nahiz Hegoaldekoen, beharra dugu”, azpimarratu zuten.
Herri Urrats antolatzeko bi arrazoi sendo nabarmentzen ditu urtero Seaskak
- Seaskarentzako diru iturri nagusietakoa delako.
Erakunde publikoetatik iristen ez zaien dirua biltzen dute, nahiz eta
jakin urtean lau edo bost Herri Urrats beharko lituzketela: Frantziako
Estatuak ez dielako dirurik ematen; iaz Eusko Jaurlaritzak agindutako
500.000 euroak jaso gabe geratu zelako Seaska; Gipuzkoako Aldundiak eman
duen dirua, eskertzeko ekarpen handia izanik ere, ez delako nahikoa. “Agintariek egiten ez dutelarik, populuak badu ahala”.
- Proiektuan diharduten guztiak indarberritzeko. “Militante
xumeak gara; egunero nekatzen gara. Indarberritzea behar izaten dugu
aurrera egin ahal izateko, eta horretarako Herri Urrats ezinbestekoa
dugu”.
Aipatutako biak hagitz arrazoi sendo badira;
beraz, igandean, denok Senperera! Aurtengoa izan dadin Iparraldeko
herritarren erantzun baikorraren berrestea eta Hegoaldekoen hastapeneko
urteen erantzunaren berreskuratzea.
EHIren lehendakaria
No comments:
Post a Comment