Gaztetxoen «smartphone»-ak
GARA. Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingeniaria«Gauzak aldatzen ari dira eta aurre hartu behar zaie derrigorrez», dio egileak, gaztetxoek telefono mugikorretik baino ordenagailutik gehiago duten «smartphone» delakoekin daukaten harremanaz. Gaztetxoen hezkuntza teknologikoaren arduradun nagusiak gurasoak izanik ere, gailuon erabilera dinamikoki arautu beharko luketela defendatzen du.
Gero eta ohikoagoa da 12-16 urte arteko gaztetxoak
smartphone batekin ikustea. Gero eta arruntagoa baita gaztetxo horien
lehen gailu mugikorra smartphone bat izatea. Baina smartphone bat ez da
telefono mugikor bat. Are, gertuago dago ordenagailutik telefono
mugikorretik baino.
Smartphone bat, hortaz, deitzeko eta mezu laburrak
bidaltzeko gailu bat izatetik harago, Interneten nabigatu, sare sozialak
elikatu, berehalako mezularitza erabili, musika entzun, jolastu, eta
beste hainbat ekintza ahalbidetzen dituen poltsikoko miniordenagailu bat
dela esan daiteke. Eta gailu hori da, gero eta lehenago, gaztetxoen
eskuetan jartzen dena. Baina eskuratzea gutxienekoa da. Gaztetxoak
smartphone-a ondo eta modu arduratsuan erabiltzeko nahikoa adin,
heldu-tasun eta irizpide duen edo ez da kezkatu behar gaituena. Hau da,
non, noiz eta zenbat denboraz erabili erabakitzeko gaitasuna duen edo
ez. Eta esan daiteke, kasu gehienetan, irizpide nahiko izan edo markatu
baino lehenago ematen zaiela smartphone-a gaztetxoei.Garrantzitsua bezain ezinbestekoa da gaztetxoek erabilera arduratsu bat egiteko irizpide, arau eta moduak ezagutzea, smartphone-a erabiltzen ematen duten denboraren %80 gurasoen edo hezitzaileen zaintza edo kontroletik at ematen dutelako. Duela urte eta erdi, ordenagailua etxeko espazio publikoan jartzeko gomendatzen zitzaien gurasoei. Egun, miniordenagailu bat eramaten dute poltsikoan, baita eskolara ere. Eta horre-gatik da aurrez inoiz baino garrantzitsuagoa, erabiltzaile arduratsuak bilakatzea, gailua eurekin eramaten baitute leku guztietara.
Gaztetxoei smartphone-a ematearen atzean arrazoi
asko egon daitezke: batzuetan, gurasoak lasaitu eta gaztetxoak
entretenituta mantentzeko helburua dago tartean; beste batzuetan,
gaztetxoa kontrolatuagoa izatekoa; eta kasu gehienetan, gaztetxoa
komunikatuagoa edo bere berdinen taldean integratua egotea omen da lehen
helburua. Azken hau oso lotua dago gaztetxoek dituzten sentimendu eta
pertzepzioekin: smartphone-ik gabe lagunik ez luketela izango sentitzen
dute; «garrantzitsuagoak» sentitzen dira smartphone-a badute; berdinen
taldean aitortza-soziala lortzeko erabiltzen dute (ez baitute edozein
smartphone nahi); smartphone bat erabiltzea «derrigorrezkoa» dela uste
dute; eta euren aisialdiaren eta komunikazioaren elementu nagusia
bilakatu da.
Horregatik hain zuzen, gaztetxoak-smartphone-ak binomioak hartzera
behartzen gaituen lehen erabakia honakoa da: behar al du? Heldutasun
nahikoa al du modu arduratsuan erabiltzeko? Erabaki hori hartzera
bidean, gurasoek adin egokia noiz den galdetzen dute beti, erantzun
bakarra balego bezala. Erabaki egokia hartzeko, ordea, kasu bakoitza
aztertu beharko litzateke, gaztetxoaren heldutasun maila eta irizpide
teknologikoen gradua kontuan hartuz. Batzuentzat 13, besteentzat 15 edo
16. 2011ko udan Estatu espainiarrean egindako azterketa baten arabera,
lehen smartphone-a 12 urterekin ematen zaie (telefono mugikorra 11
urterekin). Baina erabakia taxuz hartuko bada, ezin da orokortu.
Telekomunikazio enpresek merkatu berri bat sortu dute gaztetxoengan.
Publiko objektibo oso desiragarria zaie: gaztetxoak dira smartphone-aren
erabilera intentsuena egiten dutenak eta aplikazioen deskarga eta
instalazioan ere, eurak dira aktiboenak. Operadoreek gaztetxoen eskuetan
smartphone-ak egoteko bidea erraztuko dute beti, jakin arren eskuratzen
duten askok ez dakitela modu arduratsuan erabiltzen. Baina hori ez da
operadoreen arazoa, antza.
Ikerketek erakutsi dute: zenbat eta funtzionalitate
gehiago, gero eta erabilera intentsuagoa egiten da. Hau da, gaztetxoek
telefono mugikorrekin baino denbora gehiago pasatzen dute
smartphone-ekin (hau helduen kasuan ere gertatzen da). Hori da zenbait
ikastetxetan gatazkak eta arazoak sortzen ari dena: ikasleak mugikorrei
lotuta bizi direla. Eta gatazka hori mugikorrak eta smartphone-ak
ikastetxeetara eramateko debekuarekin konpontzen saiatuko dira gure
inguruneko zenbait ikastetxe. Ez da berria. Frantziar Estatuak
osasun-kalteak ekiditeko debekatu zituen mugikorrak ikastetxeetan.
Erresuma Batuan diziplina kontuengatik. AEBetan, berriz, smartphone-ak
tresna akademiko gisa erabiltzen hasi dira jada, ikaslea eroso sentitzen
den gailu bat dela argudiatuz. Horiek dira bi ertzak: tresna akademiko
bezala erabiltzea edo, beharrezkoa ez delako, debekua arautzea. Azken
hau ez litzateke beharrezkoa izango gaztetxoek noiz eta non erabili
behar duten argi izan eta errespetatuko balute. Eurentzat smartphone-a,
komunikatzeko bidea baino, entretenimen- durako gailua baita. Sare
sozialak eta berehalako mezularitza erabiltzen dituzte, bai, baina, ia
beti, ez komunikatzeko helburuare- kin. Komunikazioa pobrea eta ez
efektiboa da. Horregatik diot, komunikatzeko diren tresnak
entretenimendurako erabiltzen dituztela. Eta horregatik arautu behar da
horien erabilera.
Zentzu horretan, argi dagoena da gaztetxoen hezkuntza teknologikoaren
lehen arduradunak gurasoak direla. Jakinik, ordea, guraso horiek
mugikor eta smartphone gabe jaio zirela eta, hortaz, badela hutsune bat
guraso horien egungo benetako esperientzia teknologikoaren eta euren
haurrak teknologikoki hezteko behar duten ezagutza mailaren artean.
Baina teknologietan ere eredu izan behar dute gurasoek eta,
telebistarekin eta beste entretenimendurako elementu guztiekin bezala,
smartphone-ekin ere, gaztetxoari bat ematea erabakitzen bada, erabilera
arautu egin behar da. Noski, arau horiek izaera dinamikoa behar dute,
gaztetxoaren irizpide eta heldutasun mailara etengabe egokitu beharko
direlarik. Besteak beste, arautu beharko da: non erabiliko den
(Ikastetxean? Etxean? Kalean? Lagunekin dagoenean? Lotarako itzali?);
noiz eta zenbat denborarako (Aste barruan bai? Edo asteburuan bakarrik?
Egunean zenbat ordu?); zein zerbitzu erabili ahal izango dituen
(Interneten nabigatzeko mugarik? Zein aplikazio mota instalatu ahal
izango ditu? Doakoak soilik? Jolasteko direnak? Smartphone-aren sistema
eragileak edo mugikorren operadoreak gurasoen kontrolerako progra- marik
eskaintzen du?); eta gastu ekonomikoa (operadorearen tarifa ondo
aukeratuz).
Horri guztiari gehitu behar zaio orain arte
ordenagailuarekin izan dugun segurtasunaren, errespe- tuaren eta
pribatutasunaren diskurtso egokitua ere. Hau da: ezezagunei telefono
zenbakia ez emateko eta ezezagunen mezu eta deiak ez erantzuteko;
bidaltzen edo Interneten publikatzen duten edozein argazki edo bideoren
kontrola galtzen dutela (eurena edo besteena izan); Bluetooth eta Wi-Fi
konexioak desaktibatzeko, erabiltzen ari ez badira; eta, besteak beste,
ez iraintzeko inor eta ez zabaltzeko beste norbait iraintzen duen
mezurik.
Oro har, mugikorrek eta smartphone-k onura asko ekarri dituzte
jendartera. Joan gaitezke mendira smartphone-an ibilbidearen tracka
kargatuta eta GPSarekin jarraitu. Senti gaitezke hiper-konektatuak.
Baina harritzen eta mintzen gaitu gaztetxo talde bat bakoitza bere
mugikorrarekin jolasten ikusteak, lagunak alboan baditu ere. Eta
deigarria egingo zaigu ere munduko hainbat herrialdetan 2 eta 5 urte
bitarteko haurrekin egin azterketa batek dioena: oinetakoen lokarriak
lotzen edo bizikletan ibiltzen baino gehiagok dakitela smartphone bateko
aplikazio batekin jolasten. Onurak onura, jendartea aldatzen ari da
(are gehiago nerabezaroa bizitzeko modua bera). Agian komunikatuagoa
egotea bilakatzen ari da ezinbestekoa, komunikazio horren sakontasun eta
iraupena baino. Eta agian mezua abait azkarren iristea da
garrantzitsuagoa, mezuan erabiltzen den hizkuntza eta espresatzeko modua
zaintzea baino.Gauzak aldatzen ari dira eta aurre hartu behar zaie derrigorrez.
No comments:
Post a Comment