Datorren ekainaren 23an, ESAIT, EH Kirola eta Kontseiluaren
eskutik, “Hamaika gara!” lelopean, emakumezkoen nazioarteko
futbol-partida antolatzen ari gara. Arratsaldeko 16:30tan, Anoetako
futbol-zelaian, Euskal Herria Eslovakiaren aurka lehiatuko da…
Ekimen hau, futbol-partida batetik harago doa. Aldarrikapenak eta
festa-giroa bat eginik ageri dira. Hori dela-eta, goizeko 10:30etatik aurrera,
hurbiltzen den ororen gozamenerako, oso oparoa izan nahi duen egitaraua
antolatzen ari gara: txokolatada, bertako jaki eta edarien guneak, kale
animazioa, euskal jokoen txapelketa, haurrentzako tailerrak, Porrotx eta Irrien
Lagunak, magia, musika emanaldiak (Ze Esatek, Dj. Bull, Alex “Gatibu”, Ange
Duhalde…), ekitaldia, bertsolariak, kirol modalitate ezberdinen arteko lehiak,
hunkigarriak oso izango diren omenaldiak, herritarrek lehen mailako atezainei
jaurtiko dizkieten penalti-txandak, hainbat zozketa eta abar luze bat…
Euskal Herrian, itxaropenez beteriko garaiak bizi ditugu. Ekimen honen
bidez, itxaropen horri gure ekarria egin nahi diogu…
“Hamaika gara!” ekimenaren bidez, 4
dira partekatu nahi diren aldarri nagusiak: “Euskaraz bizi nahi dut!”, euskal selekzioen aldeko ofizialtasuna,
parekidetasuna eta herritarron parte hartze zuzena…
Hamaika, milaka gara euskal selekzioen ofizialtasunaren aldekoak. Hamaika,
milaka gara gizarte parekidea nahi dugunak. Hamaika, milaka gara herritarron
parte-hartze zuzena defendatzen dugunak...
Eta hamaika, milaka gara euskaraz bizi
nahi dugunak! “Hamaika gara!” egunaren eskutik, euskararen normalizazioari
bultzada berri bat eman nahi diogu. Euskarak pairatzen duen diskriminazio-egoerarekin
amaitu nahi dugulako eta euskarak beharrezkoa duen statusa eskuratu nahi
dugulako, ekainaren 23an, euskaltzale orori, “Hamaika gara!” egunean
parte hartzera deitzen diogu. Zuek handik, gu hemendik eta guztiok batera
hainbeste desio ditugun helburuak lortu arte!...
No comments:
Post a Comment