2014

2014

2013/06/18

Araba Euskaraz. Helburuak beteta (BERRIA 2013/06/18)


Helburua beteta, aurrera begira (BERRIA)

Igandean Amurrion egindako jaiak marka guztiak hautsi zituen, jendetza batu baitzen euskararen alde. Aresketa ikastolaren beharrei aurre egin ahal izango diete ikasturte berrian.
Edurne Begiristain


Eguzkia lagun, milaka euskaltzale bildu zen atzo Amurriora, Araba Euskaraz-en jaiaz gozatzera. / RAUL BOGAJO / ARP


Jolasetan ume ugari batu ziren goiz eta arratsaldez. / RAUL BOGAJO / ARP


Bi kilometroko ibilbidea irekitzeko unea. / RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS


Txikienek gozatu egin zuten Irrien Lagunak gunean. / RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS


Garbiketa lanetan lagundu zuten atzo ikastolako haurrek. / MONIKA DEL VALLE / ARP

Amurrioko (Araba) Aresketa ikastolakoak «oso pozik» daude. Igandean milaka eta milaka lagun bildu ziren herrian Araba Euskaraz ospatzera, eta aurreikuspen oro gainditu zituen euskararen aldeko jaiak. Arrakastatsua izan zen oso Mihian kili kili, euskaraz ibili lelopean antolatutako festa. Aitor Garate Aresketa ikastolako zuzendariak oraindik ez du zifrarik eman nahi izan, baina jendetza egon zela adierazi du: «Duela zortzi urte Amurrion ospatutako Araba Euskaraz-ekin alderatu dugu, eta orduan jende asko etorri zen, baina orain, are eta jende gehiago etorri da». Jendez lepo izan ziren bazter guztiak, eta horretarako, eguraldi paregabea lagungarria izan zen, erabat: «Gure beldurra zen eguraldi izugarri onak ez ote zuen jendea hondartzara joatea animatuko, baina ez, gure onerako eta poztasunerako, lagun ugari bildu zen». Eskarmentua badute Amurrioko ikastolakoek euskararen aldeko jaia antolatzen, eta bero sapari nola aurre egin badakite: 1996ko jaian lagun askok ez zuten ibilbide osoa amaitu bero ikaragarria egiten zuelako, eta horregatik, 2005ean ibilbide laburragoa prestatu zuten antolatzaileek, gerizpe gehiagorekin eta ibaitik gertu. Orduko ibilbide bera prestatu zuten iganderako.

Duela 35 urte ireki zuten ikastola, eta orduan 24 ikasle baino ez zituen. Gaur egun, ordea, 525 daude eta ikastola txiki geratu da. Izan ere, duela bederatzi urte elurte batek haur hezkuntzako ikasleak zeuden eraikinaren sabaia hautsi zuen, eta, ordutik, ume guztiak ikastolako eraikin nagusian daude. «Gure helburua da hasierako egoerara itzultzea, eta eraikin nagusia LH eta DBHko ikasleentzat izatea, horretarako dagoelako espresuki prestatuta eta diseinatuta ikastola», azaldu du Garatek. Hain justu ere, igandeko jaiarekin lortutako diruarekin bi helburu beteko dituzte: batetik, haur hezkuntzako umeentzako eraikin berri bat egokituko dute. Erakunde publikoekin toki bat negoziatzen ari dira ikastolakoak, eta Garatek uste du ahalik eta lasterren egingo dutela akordioa. Bestetik, datorren ikasturterako ikastolan bi gela berri eraikitzeko ere erabiliko dute lortutako dirua, gero eta ikasle gehiago dituztelako. Hilabete honen amaieran bertan ekingo diete lan horiei.

Izan ere, azken urteotan, apurka-apurka, gero eta haur gehiago doaz ikastolara. Garatek azaldu duenez, bi faktorek eragin dute matrikulazioaren gorakadan: batetik, ikastolak eskaintzen duen hezkuntzaren kalitatea: «Prestigioa irabazten goaz, eta gure hezkuntza kalitateak jendea erakartzen du». Eta, bestetik, azken urteotan gero eta ume gehiago jaio dira herrian, eta inguruko herrietatik ere gero eta ikasle gehiago doaz ikastolara: «Urtero 50 plaza berri eskaintzen ditugu, eta ia denak betetzen ditugu».

Helburuak beteta, pozarren daude antolatzaileak. Eta lortutako arrakastagatik esker oneko hitzak baino ez ditu Aresketa ikastolako zuzendariak. Araba Euskaraz-en antolaketa lanetan ibilitakoak zoriondu ditu lehenik, «horiek gabe ezinezkoa izango litzatekeelako bildutako jendetzari ganorazko arreta eskaintzea». Eta, halaber, Amurriora joandako herritarrei ere eskerrak eman dizkie, bereziki «arauak errespetatu» zituztelako, antolatzaileei kasu egin zietelako eta bazter guztiak girotu zituztelako. «Oso eskertuta gaude».

Helburu horiekin batera, noski, euskararen erabilera zabaltzeko egindako urratsa nabarmendu du Garatek. Aurtengo leloa gogoan, hizkuntza erabiltzeak sortzen duen zirrara nabaritu baitzuten milaka euskaltzalek igandeko festan.


 

Eguraldia lagun, Amurrioko kaleak euskaltzalez lepo
Eguzkiak ez zuen huts egin eta giro aparta izan zen Amurrion; 2014ko lekukoa hartu du Lapuebla de Labarcak

E. Begiristain

Zirrara sentitu zuten atzo Euskal Herri osotik Amurriora joandako milaka eta milaka euskaltzalek. Arrakastaren zirrara. Ospakizun paregabearen zirrara. Euskarak behar duen zirrara. Aresketa ikastolak behar duen bultzadaren zirrara. Mihian kili kili, euskaraz ibili goiburuari helduta, herritar andana bildu zen Araba Euskaraz-era, eta giro ezin hobean ospatu zen Arabako ikastolen aldeko jaia. Aparkalekuak gainezka eta gunean lepo izan ziren, eta bazkariak, pintxoak, ogitartekoak, taloak eta freskagarriak erruz saldu zituzten. Aspaldiko partez aliatu estimatuak izan zituzten hurbildutakoek: eguzkia eta beroa. Iragarri bezala, eguzkiak ez zuen kale egin, eta eguraldi apartaz gozatzeko parada izan zuten Amurriora joandakoek.

Jaia 10:00etan hasi zen, irekiera ekitaldiarekin, eta ordu berean zabaldu zen 2,5 kilometroko ibilbidea. Erakundeetako ordezkarien diskurtsoetan zein ibilbidean bertan, aldarrikapenetarako tartea ere izan zen: izan ere, Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformaren aurka bat egin zuten han bildutakoek, adierazpen eta pankartekin, eta baita fracking-aren aurka ere.

Goizeko ekitaldian, Carlos Larrinaga omendu zuten Aresketa ikastolako arduradunek, Euskal Herriko eta Aiaraldeko tradizioak zabaltzearren egindako lanagatik. Haren heriotzaren lehenengo urteurrenean egin zioten omenaldia, alarguna eta alaba bertan zirela.

Ordutik aurrera martxan jarri ziren egitarauko lehendabiziko ekitaldiak. Parkean bertan, Mintzanet karpa eta ludoteka ireki zituzten, eta Juan De Urrutia plazan Kalaka zurezko jokoekin jolas egiteko aukera izan zuten txikienek, eta Arabako herrien arteko pilota txapelketaren finalaz gozatzeko parada nagusiek. Ostean ireki zuten hirugarren gunea, Irrien Lagunak klubaren izenarekin, txikien gozamenerako. Goizean, ume ugari bildu zen puzgarriekin jostatzera eta aerostatora igotzera, eta bazkalostean, buruhandiek, apar festak eta dantzaldiak ere arrakasta handia izan zuen. Guneen artean berantiarrena gazteentzako laugarrena izan zen, oholtza gainetik hamaika talde igaro baitziren. Arratsaldeak aurrera egin ahala, gazte asko alboko zuhaiztietara joan ziren, itzalpera, eta bertatik jarraitu zituzten musika ikuskizunak.

Iluntzearekin batera, agur esan zioten euskaltzaleek Amurriori, eta lekukoa pasatu zioten Lapuebla de Labarcari, han izango baita 2014ko Araba Euskaraz-en jaia.

No comments:

Post a Comment