2014

2014

2012/04/26

IRRIEN LAGUNAK



Guraso agurgarriok:

Irrien Lagunak Klubaren helburu nagusia, Euskal Herriko haurrei eta hauen hezkuntza prozesuan bidelagun diren norbanako eta kolektibo guztientzat komunikazio proiektu sendo bat eratzea da, euskaratik eta euskaraz. Horretarako elkartu ginen, orain dela urte bete, BERRIA egunkaria, KATXIPORRETA pailazo taldea eta ELKAR argitaletxea.

Haurrak  dira klubaren ardatza, baina gurasoak, hezitzaileak eta hezkuntza zein gizarte eragileak ahaztu gabe, gure haurren hezkuntzaren ardura gizarte osoarena delakoan baikaude.

Irrien Lagunak Klubak hasieratik izan du ikuspegi hezitzailea, eta bere ardatza gure haurren isla diren Pupu eta Lore dira. Horiek denon artean hezi nahi ditugu, gure haurrei ere balore zehatz batzuk erakutsiz.

Baina zein baloretan hezi nahi ditugu gure haurrak?

-          Euskaratik euskarara. Euskara da gure herriaren hizkuntza eta euskaraz mintzatuko gara.
-          Euskal Herria, Euskal Irria. Herri bat gara, euskararen herria, eta irri egin nahi dugu.
-          Euskal Herria mila kolore. Euskal Herrian pentsaera eta molde ezberdinetako jendea bizi gara.
-          Bizikidetza. Bizikidetzaren oinarrizko baloreak sustatu nahi ditugu: berdintasuna, errespetua, elkarrizketa, elkartasuna eta askatasuna.
-          Partaidetza. Haurren eta helduen  arteko harremana sustatuko dugu.
-          Ekologia. Gure haurren artean ekologiaren baloreak era aktiboan sustatu nahi ditugu.

Gure pertsonaien bidez haurrei eta gizarteari klubaren baloreak transmititzeko eta gure proiektuan partaidetza sustatzeko, lehen urte honetan hainbat alorretan egin dugu bidea:

·         Webgunea. Haurra, guraso, eskola eta  klubaren arteko eguneroko kontaktua bermatzen duena  da. Doan da, eta izena ematean haurra zuzenean klubeko kide bihurtzen da.
·         IRRIA aldizkaria. Aldizkaria, harpidetzaren bidez etxean jasotzeko aukera  bultzatu nahi dugu, nahiz eta dendetan ere eskuragarri egon. 45 euro ordaintzen da harpidetza, eta urtean 10 zenbaki heltzen dira postontzira. Kioskoan baino %20 merkeagoa da honela. Harpidetza kuotarekin, ordea, aldizkari bat baino askoz gehiago ordaintzen da: proiektu hau guztia garatzeko oinarrietan laguntzen da. Harpidedunek, harpidedun txartela jasotzen dute, eta horrek hainbat abantaila ematen ditu.
·         Zeraingo (Gipuzkoa) IRRIEN LAGUNAK ATERPETXEA. Astebukaeretan, familiei, gure pertsonaiekin egun batzuk pasatzeko eta gure baloreetan oinarritutako jardueretan parte hartzeko aukera ematen diegu. Astean zehar, berriz, ikastetxeei luzatzen diegun eskaintzan, gelan landu dutena modu parte hartzaile eta hezitzailean sakontzeko aukera ematen dugu.
·         Irrien Gunea. Irrien lagunak Klubaren Gunea da. Batean eta bestean antolatzen diren festa erraldoi guztietara eramateko moduan gaude, eta baita herrietako eta ikastetxeetako festetara ere; horretarako, puzgarri pertsonalizatuak ditugu eta Txatxilipurdi Aisialdi elkartearekin egitarau zehatza prestatu dugu.
·         Pertsonaien ikuskizunak. Klubeko pertsonaia  bakoitzak haurrei bere mezua helarazteko eta aisialdiko euskarazko eskaintza aberasteko, ikuskizun batzuk prestatu ditugu. Katalogo batean bildu ditugu guztiak.
·         Irrien Lagunak Kultur Elkartea. Gure baloreekin bat egiten duten norbanako eta elkarte guztiak biltzeko asmoz, Irrien Lagunak Kultur Elkartea sortu dugu eta, honekin batera, Irrien Lagunen Elkartasun Taldea. Dagoeneko 25 elkarte inguru biltzen ditu (Aspanovas, Euskal Gorrak, Gehitu, Ume Alaiak…). Elkarte horiei guztiei, haurren heziketa prozesuan landu beharko genituzkeen beste baloreei buruzko hausnarketa bultzatu ahal izateko laguntza eskatuko diegu, gure baliabideak behar dituztenerako eskaintzeaz gain.  Elkartasun Taldearen lehen hitzordua otsailaren 5ean izan zen, “Gure Señeak” elkartearekin batera, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, gaixotasun larria eta arraroa duen lau urteko Nahiaren alde antolatutako ikuskizunarekin.

GURE PROIEKTUAREN LAGUNTZAILE IZAN NAHI BADUZU, BERRIZ…

EGIN ‘IRRIA’ ALDIZKARIAREN HARPIDEDUN ETA KLUBAREN MOTXILA JASOKO DUZU OPARI ZURE HAURRENTZAT!

(Ikastolako idazkaritzan guraso baten izen-abizena eta kontaktuzko telefono eta emaila uztea besterik ez duzue)

No comments:

Post a Comment