2014

2014

2011/04/27

Zeltiar musika, dantza eta haurrendako animazioak nabarmentzen dira aurtengo Herri Urratsen programazioan

Heldu den maiatzaren 8an "Laku bat munduan" lelopean Herri Urratsen 28. edizioa ospatuko da Senperen. Xalbador kolegioko Nere Pentzea izeneko etxea erosteko sortu zen Herri Urrats. Xirimiri bat bezala, geroztik igaro diren hiru hamarkadetan ikastolek Xiberua, Lapurdi eta Baxe Nafarroako bazter guztiak euskarazko hitzekin busti dituzte. Gaur egun 2 700 haur baino gehiago eskolatzen dituzte. Hain zuzen ere, Xalbador kolegioa arramoldatzeko baliatuko du Seaskak Herri Urratsen bildutako dirua. Berriz ere Hego Euskal Herriko euskalzaleak Senpereko hitzordurat erakarri nahian programazio aberatsa prestatu dute.


Hain zuzen ere, euskaldunei, euskalzaleei eta erakundeetako arduradunei zuzendua da Herri Urratseko aurtengo mezua. "Euskaldunoi begira gure nortasuna aldarrikatzen du, munduan dugun lekua baieztatuz; euskalzaleei diren erdaldunei begira, gonbidapen bat da, munduan, bereziki buraso horien haurrei leku bat eskeiniz; azkenik, instituzioei begira, ofizialtasunaren galdea ere suposatzen du, euskarari zor zaion lekua eskatuz", laburbildu duten antolatzaileek iraan otsailean eginiko aurkezpenean.


Herri Urratsen programazioa aurkezteko gaur Baionan burutu duten agerraldian ekarpen guzti horiek izan dituzte gogoan antolatzaileek. Hala, Irrien Lagunak elkarteak esku-kolpe handia emanen du aurtengo Herri Urratsen haurren aldeko programazioa indartzeko bidean eta orohar "artista guztiek eginiko esfortzu ekonomiko handia " eskertu dute antolatzaileek. Hartara, Sustrai Colina bertsoen gainean Berri Txarrak taldeak Herri Urratsen kantua egin duela azpimarratu dute. ( Hemen bideoklipa eta abestia mp3an).

Egitarauari begirada azkarra

Seaskako ikastolen besta nagusiak bere egitaraua indartu du aurten ahal den eta jende gehien erakartzeko nahian. Finean, tanta ainitz behar baitira ikastolen geroa ureztatzeko. Gaur egun 25 ikastola, hiru kolegio eta lizeo bar kideatzen ditu Seaskak eta 2800 ikaslek hizkuntz murgiltze ereduan jarduten dute. Ikastolak ezagutaraztea, euskal hizkuntza eta kultura sustatzea eta eguneko irabaziei esker ikastetxeen eraikuntza eta mantenua arintzea da Herri Urratsen helburua.

Horri begira, programazio aberatsa prestatu dute. Aurten bi ardatz hartu dituztela nabarmendu du Peio Erramouspé, animazioetako arduradunak. Alde batetik zeltiar kultura jarri nahi dute oherean. Hala, Luar Na Lubre talde galiziar ezagunaren ondoan Bretainiatik etorritako Cercle Armor Argoat musika eta dantza taldea izanen da. Kultur aniztasuna goraipatu nahian, euskal musika eta okzitaniakoa uztartzen dituen Xarnege taldea edo-ta Abolicao Capoeira taldea ekarriko dituzte.

Hain zuzen ere, musikarekin batera - Izate, Berri Txarrak, Emon, Roni, Watsin... kontzertuen afitxa luzea da- dantzak toki berezia hartuko du aurtengo Herri Urratsen. Gipuzkoa gunean arramoldaketa handia burutu dute egunean zehar izanen diren dantza emanaldiak baldintza onenetan segitu ahal izaiteko. Besteak beste, honako dantza taldeek hartuko dute oholtza: Hala Doaz, Goazen, Kukai, Korrontzi & Oinkari, Made in Hip Hop eta Pantxita Telleria koreografoaren Gorpitz taldea.

Irrien Lagunak klubaren sostenguz, haurren xokoa indartuko dute

Herri Urrats haurrendako hitzordu berezia da eta bereziki publiko gaztearendako eskeintza indartuko dute aurten. Haurren Xokoan puzgarriak eta iaz hain arrakastatsua suertatu zen eskalada pareta izanen dira, bistan dena, baina animazioen eskeintza askoz oparoa izanen da.

Irrien Lagunak kluba edo-ta Xiba kirol ekartearen sosteguz egun osoan zehar ogi pasatzeko aukera izanen dute adin guztietako haurrek. Hona hemen egitaraua:
  • 10.00etan: Potxin eta Patxin pailazoak
  • 11.00: Oinak arin (dantza).
  • 11.30etan: Bertsolari gazteak.
  • 12.30etan: Txupinazioa eta entzierroa Porrotxekin.
  • 13.30etan: Liliri gutuna. (Mimo ikusgarria).
  • 14.30etan: Gipuzkoako kirol adaptatuen federazioaren eskutik jolasak.
  • 16.00etarik goiti: Familiendako jolasak.
Herri Urratsen bestaren buxeta 40.000 euro ingurukoa da, eta bere sorreratik gertatu den bezala, Senpereko aitzirara hurbilduko diren milaka euskalzaleek merezi duten harrera egiteko Xiberua, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko ikastoletako burasoen lan bolondresa ezinbesteko osagaia izanen da aurten ere.

No comments:

Post a Comment