Opakuako mendatean Legaireko zelaietara doan errepidea hartu eta, hor, ezkerretara abiatzen den pista jarraituko dugu. Pista hori ez dago ondo, baina ibilgailuak pasatu daitezke. 2,2 km egin ondoren, Legairera iritsiko gara. Mendatetik gertu dagoen aparkalekuan hasiko dugu gure ibilbidea. Handik gertu Andoin mendatea daukagu. Egurrezko zutoin batzuk eragozten dute ibiligailuek Legaireko zelaiak zanpatzea. Zelai zabal horiek hainbat aldetatik ikuskatuko ditugu.

Legaireko belartzan zehar ibiliko gara SW norabidean, harik eta aparkalekuaren ezkerraldera antzematen den gain arbolatsura iritsi arte. Ez dago bidezidorrik baina laster Legaire errekara iritsiko gara. Bere iturburua ikusiko dugu igotzean. Pixkanaka gora egingo dugu, harik eta Mendiluze harrespila dagoen gainaldera iritsi arte (0h.35’). Bertan hainbat iruinarri daude, dagoeneko berriztatuak, garai bateko Euskal Herriaren zantzua ikusteko balio digutenak.
Orain alanbre-hesi baten parean ibiliko gara pagadi batera iritsi arte; aurrerago, Lekuona txabolara iritsiko gara (0h.55’). Leku horretan hasten da Ballo gainera eramango gaituen azken malda, beti ere bidezidorrik gabe eta ohianaren iluntasunean (1h. 25’).Tontorretik Arabako lautada osoa ikusten da eta, honen gainean, Elgea, Urkila eta Aizkorri mendilerroak, eta Altzaniako mendiak. Aralarreko gainak ere ikusten dira, Txindoki eta Altxueta dotore direla; eta, haruntzako, Nafarroa aldean, Beriain galanta.

Ez gara jaitsiko igo dugun lekutik; horren ordez, Mirutegiko Gurutze aldera egingo dugu (1h.40’). Handik, zuhaitzik gabeko beste erripa motz igoko dugu eta Ballo gainetik ikusi berri dugun Surbe edo Atauko Haitza izeneko gainera iritsiko gara (2h.00’). Handik, zuzenean Legaireko zelaietara jaitsiko gara; bitartean, baso txiki baten ondoan Legaireko errekastoa osatzen duten iturrietariko bat ikusiko dugu, bere meandro bihurgune politekin.